Portugaleteko Gazte Asanbladak Koskoenea Gaztetxea desalojatzeko arriskuan dagoela adierazi du
12 egun daramatza Portugaleteko Koskoenea Gaztetxeak erresistentzian Eguerdian egoeraren inguruan duen irakurketa egin du Gazte Asanbladak prentsaurreko baten bidez
PGAren irakurketa:
Pasadan larunbatean, martxoak 27, Portugaleteko Gazte Asanbladak hainbat urte hutsik zeramatzan etxebizitza bat okupatu zuen Alde Zaharreko Koskojales kalean. Gazte Asanbladak 2 urte eta erdi daramatza lanean.
Portugalete eta Euskal Herriak arlo sozial, politiko eta ekonomikoan pairatzen duen sistemari aurre egitea da lotzen gaituen konpromezua. Herriko hainbat gaztek osatzen dugu asanblada eta inork baino hobeto ezagutzen ditugu Portugaleteren arazo eta gabeziak. Portugalete pixkanaka-pixkanaka ari zaigu hiltzen, bitartean Udalak hau ekiditzeko ezer egiten ez duelarik. Haiek dira egoera honen errudunak. Eraikitzen ari diren Portugalete honetan ez dago etorkizunik, gazteontzat bereziki. Hizkuntza eskubideak etengabe urratzen dituzte, kirol azpiegiturak egoera tamalgarrian daude, ikasleok kalitatezko liburutegirik ez dugu...
Gainera gutxi balitz bezala aisialdia eredu kapitalista-kontsumista nazkagarri batekin lotu dute Ballonti merkatal gunearen bitartez. Non daude zinemak herrian? Non antzokiak? Non kultur etxeak? Zaila izango da hauek topatzea, existitzen ez direlako. Gazteri isil, pasibo eta kontsumista nahi dute, etorkizunean arazorik emango ez duen Portugalete bat izateko. Baina ez, herrian aktiboak, kritikoak eta askeak garen gazteak asko gara, eta hau honela jarraitzea ez dugu baimenduko. 2 urte luze hauetan hamaika ekintza burutu ditugu kalean (Solstizio gauak, bideo-emanaldiak, hitzaldiak, tailerrak, kalejirak...), baina hauekin jarraitzeko ezinbestekoa dugun lanabesa gaztetxea da. Herrian asko dira urteak hutsik daramatzaten etxebizitza eta lokalak, Alde Zaharrean bereziki.
Horregatik hemen okupatzea erabaki genuen, herriaren bihotzean. Azken hamarkadetan boterean dagoen ustezko Udal Gobernuaren politiken ondorioz herriaren erdigunea izan behar duen Alde Zaharra hiltzen utzi dute. Horregatik Koskojales kalean hautsez beteta eta egoera negargarrian zegoen etxebizitza bat gaztetxe bihurtzea pentsatu genuen. Erreferentziazko gune kultural bihurtuko dugu, beti ere autogestioaren bidez eta Udalaren inolako eskusartze eta inposaketarik gabe. Era berean Udalaren arduragabetasuna gogor salatu nahi dugu, ondare historikoa den Alde Zaharra egoera tamalgarrian mantentzen dutelako. Denona den diru publikoaz gestionatzen den SURPOSA enpresa pribatua izan da gu heldu arte etxebizitzaren mantentzeaz arduratu dena. Ondare historikoa izanda behera bota ezin dutenez hau hiltzen utzi dute. Gure beldurra lur honekin espekulatu nahiko ez duten da.
Egoera zein den jakinda ere gazteon gogo eta konpromezuz hau aurrera aterako dugu. Barruan lan izugarria egiteke baldin badugu ere indarrak soberan ditugu. Dagoeneko 12 egun damatzagu erresistentzian. Udaltzainen bisita jaso genuen asteburuan gaztetxeko atean, eta USURPOSA eta Udaletxeko arduradunena astelehenean. Azken hauen jarrera lotsagarria izan dela azpimarratu nahi dugu, oso aktitude txarrarekin hurbildu zirelako Koskoenera. Gurekin zuzenean hitz egin ez bazuten ere atearen beste aldetik euren zurrumurruak entzun genituen, eta gu barruan geundela gaztetxea kanpotik tapiatzearekin mehatxatu gintuzten.
Era berean Alde Zaharra sekretaz beteta dagoela salatu nahi dugu, Koskoenean nor sartu eta irtetzen den kontrolatuz, gazteak kaletik jarraitzera heltzeraino. Hala ere ez gaituzte inolaz ere geldituko. Orohar auzokide eta tabernarien jarrera oso ona izan da gaztetxearekiko, eta igandean ospatu genuen lehenengo asanblada irekira hurbildu ziren 40 gazteek lanarekin jarraitzera gonbidatzen gaitu. Hala ere errealitatea krudela da eta egunotan edozein momentutan Udalaren aginduz desalojatu gaitzakete. Udala erabaki politiko hau hartuko balu gazteekiko duen jarrera zein den argi utziko luke. Hau gertatzekotan Gazte Asanbladak deituko lituzkeen mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen du Portugaleteko herriari.
Beraz, Portugalete gazte, euskaldun eta aske bat eskuratzeko ezinbesteko lanabesa dugu GAZTETXEA!
KOSKOENEA GAZTETXEA AURRERA!
HERRI BAT GAZTETXE BAT!!!
Info+ [koskoenea.nireblog.com](http://koskoenea.nireblog.com/)