Kaixo guztiei!
Urtero bezala, aurten ere AHTaren Aurkako Asanbladak Akanpada antolatu du, XVI. AKANPADA, hain zuzen. Egun hauetan zehar elkarbizitza gune bat eraikitzen da, non adin eta jatorri ezberdinetako jendeak bizipen interesgarriak partekatzeko aukera duten aste batetan zehar. Aurtengo udan Hernanin (Gipuzkoa) izango da, Uztailaren 26tik 31ra.

Hernani hainbat azpiegiturek zigortzen duten herri bat da (papelera, planta elektrokimikoa, beste zonalde industrialak, Urumeako autobia, harrobia, etab.), hala ere progresoa ez da inoiz asetzen. AHTa beste hainbat “altxorrekin” batera datorkigu, hala nola, beharrezkoa duen subestazio elektriko berria (10 hektarea eta 400.000V) eta honekin datorren Oso Tentsio Altuko linea. Gainera, inguruko eskualdetan ere egoera ez da oso ezberdina, superportua, metroa, errauskailua, makrokartzela... bezalako proiektuetaz inguratuta baikaude.

Azken hilabete hauetan, AHTa derrigorrezko desjabetzekin heldu zaigu Hernanira, hauei bidea oztopatuz erantzun badugu ere. Horretarako ezinbestekoa izan dira bai herritarrok egindako presioa mobilizazio ezberdinen bitartez, bai kaltetu zuzen batzuk hartu duten jarrera tinkoa. Nolanahi ere, kontuan hartu beharrekoa da hau hasi besterik ez dela egin. Obren hasiera edozein unetan iritsi lekiguke eta, orain inoiz baino gehiago, traba egin eta beraien bidea oztopatuko dugu.

Martxan jarritako makroproiektu hauen atzean zein interes politiko eta ekonomiko daude? Zein aldaketa sozial dakartzate proiektu hauek? Noraino iristen da azkenaldian entzun dezakegun “ingurumen jasangarritasuna” delako hori? Zein momentu ari da zeharkatzen diskurtso antidesarrollista? Eta honek gizartean duen eragina?

Honekin guztiarekin loturiko eztabaidak, tailerrak, hitzaldiak, etab. burutuko dira Akanpadan zehar.

ZATOZ ETA PARTE HARTU!!!

Akanpada Hernanin izango da uztailaren 26tik 31ra, Arriatxu eskola zaharrean, Osinaga auzoan (Hernani erdigunetik 15 minutura)

Umeak akanpadako parte dira eta urtero bezala, gune berezia eta haientzako programazioa egiten saiatzen ari gara.

Gogoratzen dizuegu Akanpadan ez dela jarrera sexistarik eta bestelako errespetu faltarik onartuko.
Txakurrak ez ekartzeko eskatzen dugu, eta ekartzekotan, adi ibili.

Informazio gehiagorako emailez edo telefono berrian 648821759.

Info+, kuñak, egitaraua etab. hemen

Next Post Previous Post